JOSEBA B. LENOIR GANG + CAUSTIC ROLL DAVE live!

Maiatzak 23 Larunbata 20:00

JOSEBA B. LENOIR GANG + CAUSTIC ROLL DAVE live! Folk / Pop / Experimental
Sarrera: 6/8 ATZERATUA!

Kontzertu hau ATZERATU egin da. Laister zehaztuko dugu data berria. Barkatu eragozpenak.

2011ean Joseba Baleztena musikariak "One man band" formatuan abiatu zuen bakarkako bidea Joseba B. Lenoir alter-egoa sortuz SextySexers taldearen etenaldi batean. Barnean zituen musika giro ezberdinei bide emateko, bestelako norabide bat aukeratu zuen, "high energy" biziko rockandroll erritmo izerditsu eta zikinetik bestalde, beste eremu batera bidaiatuz. Giro sosegatu, experimental eta instrumentaletan murgildu zen hasera horretan, denboraren poderioz melodia popero eta folkiagoei leku egiteko kantuei ahotsa sartzen hasi zen heinean. Azken urte honetan, Felix Buff bateria-jotzailearekin osatu du zuzeneko biko arriskutsua, gitarra eta loop jokoei base erritmikoa gehituz.

Orain, pauso bat gehiago eman eta banda osatu du bere inguruan, kantuen osotasunaren bila. Joseba Baleztenarekin (gitarrak eta ahots nagusia) batera, willis drummondeko Felix Buff (bateria) eta Xan Bidegain (baxua eta perkusioa), eta Napoka Iria taldeko Miren Narbaiza (gitarra elektriko eta akustikoak, ahotsak eta perkusioa) eta Ander Mujika (gitarra eta ahotsak) dira Joseba B. Lenoir Gang.

Badira zenbait bide derrigorrez elkartu behar direnak. eta Joseba B. Lenoir Gang osatzen duten musikarien bideak ezinbestean elkartu behar ziren. Erreka txikiak bezala, beste erreka bateruntz bideratzen dituzte euren urak, guztiak elkartuz, uztartuz, haziz, eta guztien osagaiak batzen dituen erreka berri batean bilakatzeko. Bakoitzaren nortasuna galdu gabe, bakoitzaren berezitasunekin, egitasmo bakar batean bilakatuz. Emaitza handituz. Zaharra berrituz. Eraberrituz. Jakinik, une zehatz batean guztien bideak elkartuko direla norabide bakarrean. Idatzita balego bezala...

Josebak bakarka sorturiko kantuak handitu egiten dira banda formatuan. Baxuaren presentzia gordina, bateriaren kolpe gozo eta zehatzak, hiru gitarren arteko joko eta ferekak, eta geroz eta abeslari hobea den Josebaren ahotsak, haserako kantu zirriborro biluziak jantzi, eta azken emaitza borobiltzen dute. Kantuei beste nortasun bat emanez.

Joseba B. Lenoir-en "Tenpesta" estudioko azken diskoko kantuekin batera, Berako gitarra-jotzaileak sorturiko kantuak osatzen dute zuzeneko kantu zerrenda. Tartean, Neil Young & Crazy Horse handien kanturen bat, ere. Azken hilabete hauetan guztietan Sara (Lapurdi) herriko entsegu lokalean landutako kantuak dira, banda osatzen duten musikari bakoitzaren nortasunaz, Joseba Baleztenaren burmuinean sorturiko kantuak onduz.

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraituz gero, berauen erabilera onartzen duzu. Informazio gehiago