Energia, kemen eta grina handia darie Belarmiñak taldearen kantuei. Power pop eta rock and roll kutsuko doinuak dira, indartsuak, eta leunak, aldi berean, melodia politez jantziak.
Iki Poliki (gitarra eta ahotsa), Eñaut Maiz (baxua eta ahotsa), Ilargi Agirre (bateria) eta Joxi Ubeda (gitarra eta ahotsa) Belarmiñak taldeko kideek Karlos Osinagaren eta Leire Zumetaren laguntza estimagarria izan dute beren lehen diskoa osatzeko garaian. Karlos Osinaga maisuak grabazioa, nahasketak eta masterizazioa bikain egin ditu, gitarra ere jo du, eta Leire Zumetak bere ahots ederraz egin ditu koruak. Haztearen Izerdia da diskoaren izenburua eta 4 kantu entzun daitezke. Karpetaren barruan binilozko 10 hazbeteko diskoa eta CDa daude, biak.
Belarmiñak taldea 2013an sortu aurretik, beste zenbait taldetan jo dute taldekideek: Lobo Electrico, Tortura Sistematika, Bukaera, Batzuk, Tanta, Hard Maon, Perros Deshidratados... Ilargik Perlak eta Screaming George and the Hustlers taldeetan ere jotzen du. Denbora honetan, Leire Zumeta, Iratzar taldeko kidea, ere aritu izan da soinu diatonikoa jotzen.
Belarmiñak taldeak hainbat jendaurreko emanaldi egin ditu bere ibilbide laburrean. Besteak beste, Donostiako Gazteszena eta Tolosako Leidor aretoetan, Bonberenean, Donostiako Le Bukowski musika klubean, Tolosan 2013ko Kilometroak jaian, Ibarrako Azkue auzoko festetan, Larrabetzuko gaztetxean, eta Tolosako, Ibarrako eta Alegiako zenbait tabernatan nahiz kultur elkarteren egoitzatan. Emanaldi horietan Bide Ertzean, Xabier Montoia, Morau, MMa, Iñigo Cabezafuego, Desordutan, Lain, Garazi Esnaola eta Garazi Egiguren, Azkaiter Pelox, The Romanticos, Tortura Sistematika, RAS eta beste hainbat talderekin jo dute.
2014an hainbat kantu grabatu, eta Interneteko bandcamp plataforman jarri zituzten (belarmi-ak.bandcamp.com/). Feko (RAS) arduratu zen grabazioaz, eta kantuak jotzen aritu ziren Iki Poliki (gitarra akustikoa eta elektrikoa, perkusioak eta ahotsa), Leire Zumeta (soinu diatonikoa eta ahotsa), Joxi Ubeda (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Garrulo Cadaver (perkusioak).
Hasieran, Belarmiñak taldeak bere kantuen bidez giro akustikoak eta hunkigarriak sortzen zituen, taldekideen barne munduak, sentimenduak, emozioak, zalantzak eta kezkak azaltzeko. Kantu gehienak lasaiak eta leunak ziren, nahiz eta biziagoak ziren beste batzuk ere jotzen zituzten. Doinuetan, pop, rock eta folk ukituak sumatzen ahal ziren. Taldeak orain indar handiagoz jotzen du, bi gitarra elektrikorekin, baxu elektrikoarekin eta bateriarekin, eta bere lehenengo diskoko kantuak jendaurreko emanaldietan aurkezteko irrikan dago.