“Eta metaforak greba egin zeben...."
Sareak arrainak harrapatzeko baino erabiltzen ez ziren garaietan, kasete bildumak grabatzen genituen etxean, lagunen artean banatzeko asmoz; lantzean behin, ligatzeko ere erabiltzen genituen, erromantizismo sonikoaren ariketa merke gisa.
Oraindik bada horrelako grabazioak egiten dituenik; esaterako, Jupiter Jon taldeko Baxi (abeslari eta gitarra jotzailea). Bada, CD-bilduma horiek jasotzen ditudan pribilegiatuetako bat neu naiz, eta baso-azpiko horietan gordetako soinu-oihan oparoa Jupiter Jonen proposamen eklektikoaren parekoa da: Rhythm and blues (Screamin' Jay Hawkins eta Eddie Kirk), post-punk (Y Pants eta Blurt), reggae (Junior Murvin), folk (Indioen guda-kantuak) edo landa-grabazioak (hegaztien txioak).
Hala, Jupiter Jonen bigarren lan honetan, Eta metaforak greba egin zeben...., Baxiren bildumetako heterogeneotasun aberats hori nabarmendu egin da, bai eta erabat txertatu ere, Lamberto Perurenak egindako azal koloretsu bezain primitibotik hasita, Tortura Sistematika taldeko gitarrajole ohiaren ahalegin polikromoa grabazioan bildutako hamar doinuetan islatu baita: Paleolitikoa eta gero Elvis kantuan entzuten diren rockabilly kutsuko oilo-onomatopeiak, Satanak piezako alboka, Navajo Kodigoan kantuko afrikanismoa, Ipar Poloko alkatea josten duten gitarra eta baxu angeluarrak, Festa komunista Genzano di Roman abestiko dub giroa edo Gansterrak operara doaz abestiko lirismoa.
Eklektizismo horren baitan, gainera, kantuak hazi egin dira: ahots landuagoak, konponketak (sintetizadorea, harmonika, txistuak, kongak...), ñabardurak (gitarra-jolasak) eta sendotasuna (baxuaren ezinbesteko presentzia erraldoia).
Pleistozenoko astelehenak urrun hartako haitzak eta errekak atzean utzi dituzte, eta sareen sareak agintzen duen sasoi honetan, etxeko bildumen aspaldiko xarma anitzarekin busti dute grabazio berria. Ohitura zaharren bidez, haien nortasunean sakonduz.
by Julen Azpitarte
HERENA
Gaizkiñe taldetik sorturiko musika taldea da Herena. Dag Nasty, Jawbreaker eta Hüsker dü bezalako taldeak etortzen zaizkit burura Herena entzutean. Kulu (baxua eta ahotsa), Txutxo (gitarra eta ahotsa) eta Aitor (bateria) dira Herena. Txutxok eta Kuluk Gaizkiñeko taldekideak izan ziren eta Aitor Natural Proyect eta Hotel bezalako taldeetan ibilia da...