MONDOCANE live!

Urriak 18 Larunbata 20:00

MONDOCANE live! Rock
Sarrera: Debalde

2005. urteko neguan, Urola bailaran, urtarrileko elurretan hasi zen Mondocaneren ibilbidea. Hasieran bost izan arren, aspaldi sendotu ziren laukote bezala musika jatorri ezberdinetatik elkartutako Asier Gurrutxaga (baxua), Haritz Amezua (kitarra), Imanol Beobide (bateria) eta Iñaki Odriozola (Ahotsa). Rock-ari alderdirik indartsuenak zein lasaienak azaleratzen dizkiote.

2006 -ko martxoan lehen kontzertua eman zuten Azkoitiko Matadeixen eta inguruko herrietan jotzen jarraitu zuten Karelean, Ezinean, Neubat... bezalako taldeekin batera.

2007 Estudioko aurreneko lanaren grabaketa abuztuan hasi zuten Josu Zubizarretaren Azpeitiko Lobo estudioetan. Estanis Elorza Doctor masterrek masterizatua.

2008 Ibai Bideak lehenengo diskoa argitaratu zuten. Jo Ta Kie taldearen Ba Al Leike bertsioa kenduta, gainontzeko abesti eta letra denak Mondocane-renak dira.

2009 Bilbao Hiria 21. Pop-Rock Lehiaketaren barruan 30 talderik onenen artean, Bilborock aretoan kontzertua eman zuten. Gipuzkoatik kanpora ere kontzertuak jotzeko aukera ona izan zen.

2010.urtean, entsegu lokalean buru-belarri sartu ziren abesti berriak konposatzeko.

2011.urtean, UrAzala proiektu berriari ekin zioten. Elkarrekin sei urte igaro ondoren, eta taldearen garapena ikusita, kontzeptu zabalago batetan pentsatu zuten, grabaketa gehiago landuaz. Abestiak hobeto eraiki eta egituratzeaz gain, soinu ezberdinen erabilpenaz jolasten hasi ziren. Hitzei garrantzi handiagoa ematen hasi ziren eta lehenengoz euskara hutsean abestu nahi zutela sentitu zuten. Diskoa, Azpeitiko Lobo estudioetan grabatu zuten oraingo honetan ere. Dj Amsia eta Olatz Praten kolaborazioak izan zituzten. Donostiako Doctor Master estudioetan Estaniz Elorzaren ardurapean nahastu eta masterizatu zen diska.

2012ko maiatzean, Azkoitiko Matadeixen aurkezpen kontzertuei hasiera eman zioten. Bertan, diskoan parte hartu zuten kolaboratzaileen laguntza izan zuten oholtza gainean. Kontzertu bira sorta bat jarraian ematea zen beraien helburua, baina ezin izan zen gauzatu.

Horregatik, 2013an abesti berriak ateratzen hasteko gogoz zeudenez, hirugarren lan berri bat prestatzen hasi ziren. Urte osoa lokalean sartuta, eta inprobisazioetatik sortutako ideiez abiatuta, abesti denak pìxkanaka borobildu zituzten, 2014an estudioan sartzeko ordua heldu arte. Oso gustura gelditu dira azken emaitzaz eta orain arteko lanik borobilena eta sendoena dela uste dute. Ea zer iruditzen zaizuen... misterioa.

Mondocaneren bidaiak aurrera jarraitzen du, irudimenaren bidaian leku eta doinu berrien bila.

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraituz gero, berauen erabilera onartzen duzu. Informazio gehiago