EL DESVÁN DEL MACHO + NORMAN live!

Martxoak 15 Larunbata 20:00

EL DESVÁN DEL MACHO + NORMAN live! Post Rock
Sarrera: 5

EL DESVÁN DEL MACHO

El Desván del Macho talde arrasatearra ez da inoiz bertan behera gelditu, baina ohitura du lozorroan luze egoteko. Horregatik hobe lehenbailehen ikusten badituzu. 80ko hamarkadako Matrona Impudica eta Jugos de Otros talde ilunetatik abiatuta, El Desvan del Macho sortu zuen 90eko hamarkada hasieran J.G. Izkuek. "Hermana Violencia", "Lumbar" eta "Vida a partir del huevo" diskoekin eta batez ere beraien zuzenekoekin hirukoteak erakutsi du Estatu osoan ez dagoela beraien pareko talderik. After-punka oinarri, muturreko gitarrak, ezinezko erritmoak eta melodia ilun bezain itsaskorrak, gero eta osasungaitzagoak. Orain "Simplicis" diskoa kaleratu berri dute eta aurkezpen biran murgilduta daude.

NORMAN

Egungo informazio eta musika proposamen gaindosiaren amaraunean behar adinako oihartzun eta arretarik gabe iragaten diren talde eta diskoak bat baino gehiago dira. Norman laukotea da horietako bat. Taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuen 2009an, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik. Kantu sorta txukuna zekarren, psikodelia, hardcorea, abiadura eta zinema erreferentzia ugari biltzen zituena. Kontuan hartzeko proposamena zen, behar bezalako sonarik eskuratu ez arren.

Kaleratu berri duen Perkins lanak (Gaztelupeko Hotsak), berriro ere Alfred Hitchcocki ez ezik, zinemari —zuri-beltzekoari batik-bat— egiten dio keinu nabarmena, eta aurrerapauso bat dakar kantuen konposaketa eta egiturari dagokionean. Bada abiadura, bada iluntasun eta misterioa, baina piezek beste sendotasun bat dute: «Lehen diskoko kantuak ere maitasun handiarekin egin genituen, baina abesti berriak hobeak direlako irudipena dugu, atmosfera landuagokoak». Aldaketa nabarmen bakar bat izan du taldeak urteotan. Lehen diskoan Gorka Bocos zen bateria jotzailea, eta bigarren honetan David Peñalba izan da. Aldaketa horrek berak izan du eraginik: «Beste kutsu bat eman dio. Gorka rockeroagoa zen. Daviden jotzeko era ez da hain jostagarria akaso, baina eman dio egonkortasun moduko bat. Pisu bat. Kantuak irmoagoak dira», dio Beñat Narbaiza kantariak. Biolina ere jo du piezaren batean. Kepa Arakistain gitarra jotzailea (ahotsak, pandereta) eta Alex Ariznabarreta baxu jotzailea (theremina, marakak, ahotsa) dira taldeko beste bi kideak.

Taldea «une onean» dago. Hala dio Narbaizak. Une onean dago, disko berria kontzertuetan aurkezteko gogoaz gain, oraindik ere entseatzeko elkartzen direnean «kantu berriak sortzeko inspirazioa» dutelako. «Kantu berriak ditugu, eta jadanik jotzen ditugu kontzertuetan ere». Eta disko berria osatzerakoan ere inspiraturik agertu dira. Inspiraturik ageri dira diskoa irekitzen duen Naked City abiadura handikoan, Esmeralda frenetikoan edota Norman Desmon kantu borobilean, esaterako.

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraituz gero, berauen erabilera onartzen duzu. Informazio gehiago