Elkano Browning Cream erritmo jostagarri eta kutsakorren sinonimo da, Blue Note disketxe handiaren urte oparoenetako Hammond organoaren combo handiak gogora ekartzen dituen soinuen islada. Hiruko honen izaera multikultural eta nomadaren ikuspegitik personalizatu eta gaurkotutako soinua. Mikel Azpiroz musikari euskaldunak (Lau Behi, Parafünk, Fermin Muguruza, The Waifs Australiarrak...) koordinatzen duen proiektuak, Hammond organoaren hirukoaren oinarrizko formatoan du funtsa, bere
esentzia groove-aren zentzurik garbienean oinarrituz: erritmika dantzagarrian. Franck Mantegari bateriajole Paristarraren (Alpha Blondy, Saint Germain, Massive Attack...) drumming exotikoarekin
batera, John Lee Hooker eta Taj Mahal bezalako maisuak goraipatu duten Matt Harding gitarrajole eta abeslari iparamerikarraren kadentzia melodikoak gauzatzen du estilo berezia.
2005ean ezagutu zuten elkar eta AEBetan hasi ziren elkarrekin jotzen, ondoren hiru musikari hauek Shangaiko (Txina) “Cotton Club”-ean abiatu zuten beraien bidaia eta beraien izena zeraman lehen diskoa grabatu zuten, Elkano Browning Cream (Mamusik, 2.006) groove desberdinen bilduma bitxia, melodia elegante eta sofistikatuak dituen bilduma, gustoz eta esku onez, mendebaldeko musika, eragin afrikar, latino zein ekialdekoekin uztartuz. Europako, AEBetako Japongo, Koreako, Txinako eta Hegoamerikako jaialdi eta klubetatik dantzatu zuten diskoa.
Eta orain bidaiarekin jarraitzeko, bigarren diskoa kaleratzen dute Elkano Browning Cream 2 (Mamusik, 2.010), erritmoaren adar hipnotikoa oraindik gehiago azpimarratuz eta desberdintasunaren edertasuna aldarrikatzen duen eklektizismoa erakutsiz. Diskoa Mikel Laboaren ahotsak irekitzen du Sugaar kantan. Kantautore abangoardista eta berritzailea Azpirozen lehen erreferente garrantzitsuetako bat izan zen, ekaitzari irekitzen dio atea, Hammond-ean pasodoble ohiartzunarekin eta djembearen erredobleekin. Ugandako Jimmy Kayihura poetaren hitzek World State urbanoan “begi handi eder” batzuen oinazea salatzen dute. Yodi gogoraerrazean Harding-en akorde country-ak erritmo afrikar bilakatzen dira. The Waifs talde Australiarrak jartzen dio ahotsa Osito Blues-en groove sakonari. Far East Sweet-en
ekialdeko eskalak bossa-ren erritmoan kulunkatzen dira. Herb Tree baikorrak, Harding-ek eta Brooklyn-New Yorkeko kaleetan bizi den Tony Ebanks musikari Jamaikarrak elkarrekin idatzitako kantak, Peter Tosh-en “Legalize It”-en estiloan zabaltzen du mezua. Preston Foster-ena den eta Muddy Waters-ek
ezagun egin zuen I Got My Mojo Working berbisitatzen da , tempo astunean. Leloetan lehertzen den energia gordea trasmitituz berriz ere The Waifs-en ahotsetan. Morgan jazz latino jostagarrian barna
irristatzen da. Euphoria-k aldiz indar zeremoniala banatzen du. Eta Elkano Browning Cream-en bigarren abentura hau Osito Bossa-k ixten du bossa eta drum and bass-en erritmoan.
Mikel Azpiroz arduratu da ekoizpen artistikoaz, grabazioaz eta nahasketez. Lana Orem, Utah, AEB eta Donostian egin da Mamusiken estudio mugikorrarekin. Michael Fossenkemper-ek egin du masterizazioa Turtle Tone Studios-en , NYC, AEB.
David Navascués-ek egin du azalaren diseinua eta grafismoa.
Elkano Browning Cream-en bi lanak Mamusik zigiluarekin argitaratu dira, Azpirozek erabateko independentzia artistikotik bere lanak argitaratu ahal izateko sortu zuen zigiluarekin. Banaketa fisikoa Resistencia-k egiten du eta banaketa digitala berriz ohiko plataformek (CD Baby, iTunes, CD Universe,
Spotify...).
Elkano Browning Cream:
Matt Harding (New York): gitarra, ahotsa
Franck Mantegari (Paris): batería, perkusioa
Mikel Azpiroz (Donostia-): B3 Hammond organoa, rhodes, wurlitzer, sintetizadoreak
SARRERAK ALDEZ AURRETIK HEMEN SALGAI:
http://www.entradas.com/entradas/evento.do?idEvento=205364&entidad=1